MENUA

Joan Menu behera:

2017/09/03

TUC DE RATERA 2863 mt. Espot-etik

2017-07-19 Andorrako periploa bukatu ondoren, Espot-era etorri gara Aigüestortes eta Saint Maurici parkean. Eski estazioan dagoen Les Daines mendiko aterpean hartu dugu ostatua. Lehendik ezagutzen dugu, eta gustatzen zaigu bertako giroa. Gaur, hilak 19, goizeko 8etarako Pra del Pierrot aparkalekuan gaude (1646m). Euria ari du eta jende gutxi dago. Guk goruntz joatea erabaki dugu, ea noraino heltzen garen...

Ezaguna eta dotorea da Sant Maurici lakura doan bidea. Zubia Escrita ibaia zeharkatzeko.

Atertu egin du eta gozamena da pasiada hau. Bakarrik goaz.

Ordubete exkasean heldu gara Sant Maurici lakura eta hor ditugu Encantats aspaldiko ezagunak.

Dena dela eguraldia ez dago batere argia, eta gutxienez, Ratera-ko urjauzia ikustera joatea pentsatu dugu, eta gero gerokoak.

Sant Maurici lakua, Portarró eta Crabes tontor eta orratzak. Euria dator berriz...

Sant Maurici-ko iturria.


Encantats.

Bikoiztuta hemen.

Ratera-ko urjauzia. Hemen txaparradiak hartu gaitu. Baina enkantoa dauka.




Urjauzitik Ratera lakura igo dugu. Hau Amitges aterpera doan pistaren ondoan dago. Txaparradiak jarraitzen du, eta zalantza izan dugu jarraitu edo zer egin, baina gutxienez aterpera igotzea erabaki dugu. 30 bat urte dira ez garela bertan egon, eta bisita egitea merezi duela uste dugu.
Beste laku txiki bat, hau landaretza ugarirekin. Polita dago euripean.
Aterpera heldu baino lehenago atertu egin du. Encantats euriak utzitako distirarekin.

Peguera eta Monestero mendiak atzean utzi ditugu.

Eta hemen gaude Amitges-eko aterpean, Amitges-eko orratzak eta tontorra aurrean ditugula.

Saboredo tontorra eta Amitges orratzak. Badirudi, eguraldia zerbait hobetu dela, eta beraz, Ratera lepora igotzea erabaki dugu. GRa da eta ezdago arazo handirik, eta itzuli egin behar badugu, ba behera eta listo. Hau da gaurko plangintza, helburu txikiak jartzea.

Estany dels Barbs. Inguru ederra da hau, hainbeste lakurekin...

Saboredo-ko ertza Munydera lakuaren gainean.

Estany dels Barbs.

Amitges-eko lakuak behean uzten. Horreraino heltzen da Parkeko taxisak erabiltzen duten pista jendea bertaraino ekartzeko. Duela 30 urte ez zegoen halakorik, alegia.

Guk goruntz jarraitzen dugu, eta begibistan ditugu Ratera-ko lepoa eta gailurra. Badirudi zortea izango dugula azkenean.

Gero jeisteko erabiliko dugun harana, Cometes de Ratera. Atzean, Encantats, Monestero, Peguera,...

Ratera lepora doan bide erosoa. GRa eta Carros del Fuego hemendik pasatzen dira eta igartzen da, mendizale asko baitabil gora eta behera.

Baliza eta seinale asko bidean.

Ratera-ren azpian dauden lakuak.

Ratera lepora heldu, eta denborarik galdu gabe, tontorrerako bidea hartu dugu. Eguraldiaren hobekuntza baliatu behar dugu.

Behean geratzen dira lepoa eta Saboredo-ko lakuak. Bonaigua-ko errepidea ere ikusten dugu.

Aldapa handia dago baina erraza da igoera. Gainera daukagun paisaiak erosoagoa egiten du. Cometes de Ratera, Basiero eta Montsaliente aldea daude atzean.

Aurreko guztia eskuinean eta Saboredo-Amitges erdian. Ezkerrean, Saboredo-ko lakuak.

TUC DE RATERA (2863m). Colomers-eko zirkoaren gainean. Azkenean, helburu txikiak jarriz, helburu nagusia ere lortu dugu. Pozik gaude. 1200metroko garaiera-aldea egin dugu eta zortea izan dugu eguraldiarekin. Lau ordu lehenago ez genuen pentsatzen.

Colomers-eko lakuak. Ederra!

Gran Tuc de Colomers. Ihez paliza ederra hartu genuen horra igotzen, gaurko abiapuntu beretik.  Gure ibilbidea.

Ikuspegiak tontorretik. Portarró aldea eta Monestero, Peguera, Subenuix,...

Besiberri mendikate guztia, ezkerrean Passet eta Comoloforno, eta eskuinean Ipar Besiberri dotorea.

Eta nola ez, Montardo.

Colomers zirkoko Obago lakua, gure azpian.

Eta edertasun guzti horietaz gozatu ondoren, beheruntz goaz. Orain beste 1200 metroko garaiera-aldea geratzen zaigu.

Ratera lepoaren gainean Saboredo-ko lakuekin.

Sakan eder horretatik egingo dugu jetsiera.
Atzera begira.



Cometes de Ratera haranean. Ez genuen honen berri, eta toki zoragarria iruditu zaigu.

Bide egokituak hezeguneak zeharkatzeko.

Hemendik Amitges aterpera itzuli daiteke, baina gu orain zuzenean beheruntz, Estany de les Obagues de Ratera-ra.

Toki zoragarria masifikazioetatik kanpo.

Ahatea lakuko uretan.

Zubi artesanala.

Saboredo eta Amitges-eko tontor eta orratzak eta Bassiero.

Ratera-ko lakura atera gara, pistara. Orain, goizean baino eguraldi hobeagoarekin... Noski, jende gehiago ere badabil.

Urjauzia lakuaren gainean.

Hemen ere badabiltza ahateak.

Encantats eta Monestero-Peguera.

Encantats. Orain pistatik ari gara jeisten Sant Maurici-ra.

Sant maurici lakua eta Portarró de Espot aldea eta Subenuix.

Lakuko urak, haizeak astintzen.

Sant Maurici-tik aparkalekura doan bide ertza lorategia bihurtu da. Azkenean, nahiz eta goizean euria izan, goruntz abiatzeak, ibilbide ederraz gozatzeko aukera eman digu. Gustora bukatu dugu. Orain Les Daines ostatura itzuliko gara, bihar beste zerbait egin ahal izateko inguru hauetan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina