2017/07/26

MEDACORBA 2914 mt-ROCA ENTRAVESSADA 2927 mt Arinsal-etik


 Ibilide gogorra baina sari handia eskaintzen duena, ikuspegi ederrak eta Andorran 2900 metro baino gehiago duten sei mendietatik bi igotzeak badu bere xarma. Horrez gain, Medacorba hiru herrialderen muga omen da...
2017-07-15. Atzo heldu ginen Arinsal-era, Andorran egun batzuk igarotzeko asmoz. Inguru egokia da mendian ibiltzeko, mendi ederrak eta oso ondo balizatuak. Aurretik hainbat aldiz gaude egonda. Aurtengo asmoa, ahal bada behintzat, falta zaizkigun 2900 metro baino gehiago dituzten lau mendiak igotzea da. Altuenean, Comapedrosan, egon gara pare bat aldiz. Eta Estanyo ere ezagutzen dugu.
Arinsal-eko azkenengo eraikuntzen ondotik atera gara, Coma Pedrosarako bidea hartuz. 1400 metroko garaiera-aldea daukagu aurrean.

Berehala lehenbiziko bidegurutzea. Gu eskuinetik joango gara, Corriol-etik. Basoan sartzen da bidea eta oso azkar hasten gara altuera irabazten.

Ilargia lagun izango dugu goizean zehar. Eguraldi oso ona baina beroa.

Bide hau Comapedrosa-ra joateko ere bada.

Baina gaur gure bidea beste bat da. Comapedrosa-koa ezkerrean utzi, eta Pla de l'Estany eta Forcats lakuetara dihoana jarraitu behar dugu. Hasieran esan dugun bezala, oso oso ondo dago markatuta dena. Pasada bat da!

Hasi gara ikusten gure harana. Ezkerreko mendia Comapedrosa da.

Eta hau da gure ezkerrean utzi dugun sakana, Comapedrosa-ra joateko erabiltzen dena.

Informazioa bidean. Gu Estanys Forcats-era heldu behar gara.

Bordak bidean.

Borda horien gainean pista jarraitu behar da metro batzutan. Baina ez da luzea izango, berehala "corriol"a hartuko dugu eta.

Pla de l'Estany-ko zirkoa, Medacorba, Racofred eta Pic del Pla de l'Estany gailurren babesean.

Aterpea begibistan daukagu. Haranaren fondoan dago kokatuta, paraje dotorean.

Marmota eguzkia hartzen.


Pla de l'Estany-ko aterpea( 2060m). Andorrako beste batzuk bezala, irekia, txukuna, garbia eta mendiko aterpeak izan beharko liratekeen eredu.

Eskuineko aldea da irekia dena. Ezkerrekoa itxita dago.

Barnealdea. Sua egiteko (egurra ere badago alboan), botikina, 6 litera, mapa,... eta kanpoan iturri ederra.

Baina oraindik 850 metro ko garaiera-aldea geratzen zaigu aurretik, eta jarraitu egin behar. Hemendik gora, aldapa latza izango da tonika. Orain eskuineruntz, gero urjauziaren gainetik joateko ezkerrera.

Ilargia Comapedrosa-ren ertzean.

Urjauzia.

Beste bidegurutze bat. Gu ezkerrera, Forcats lakuetara, urjauziaren gainetik.

Ilargia Comapedrosan.


Orain gaude aurreko urjauziaren gainean.

Bagoaz lakuetara hurbiltzen. Hor erdian, eskuin aldera sartuta daude. Ezkerrean, Comapedrosa.

 
Eta ea 1000 metro beherago gure abiapuntua, Arinsal. Atzeko mendilerroan, Tossa Plana de Llés eta Cerdanyako beste asko.

Forcats-eko lehenbiziko lakua, Roca Entravessada-ren azpian. Ezkerreko elurgunetik jarraitu behar dugu.

Medacorba aurrean daukagu. Horma horretatik igotzen da. Hemendik zaila dela dirudi.

Eta lakuaren gainean, Roca Entravessada.

Bagoaz lakua zeharkatzera. Oinatz onak daude elurretan eta ondo igarotzen da.

Beheko lakua, zeharkatzen ari garena.

Hau bigarrena da, eta izotz zati ederrak ditu.

Bi lakuen gainean Baiau-ra doan GRa jarraitzen. Erdiko lepotxotik gatoz.

Lakuak behean uzten, eta elurguneak saihesten lepora igotzeko.

Collada dels Estanys Forcats-en (2743m). Orain, gure eskuinean Medacorba eta ezkerrean Roca Entravessada ditugu. Lehenengo helburua Medacorba da, eta gero gerokoak...

Medacorba-ra igotzen hasi gara, eta Forcats-eko hiru lakuak ikusten ditugu orain. Maila desberdinetan daude, paraje izugarria sortuz.

Eta beste aldean, Baiau-ko lakua (GRa horra doa) eta Sanfonts mendia.

Atzera begira, Roca Entravessada. Uf!... ezinezkoa dirudi hortik igotzea! Gero ikusiko dugu zer egin.
Medacorba-ko horma, behetik dirudiena baino errazagoa da. Eskuak erabili behar dira apur bat, baina ondo igotzen da. Behean Forcats lakuak, eta 1400 m. beherago Arinsal.
Atera gara ertzera, eta berehala dago tontorra. Gozatzeko tokia!

Frantzia alderuntz, Medacorba lakua eta Solcén harana eta urtegia.
MEDACORBA (2914m).

Malditoak, Roussel-Aneto-Coronas-Maldito-Maladeta.

Baiau-ko lakuak eta aterpe irekia. Beste toki majiko bat.

 Atzean, Baiau-ko lakuak eta Pic deis Lavans. Ondoren, Monteixo.

Gu tontorrean gozatzen ari garen bitartean, batzuk beheruntz jeisten. Garbi dago ez dela Comapedrosa bezain bisitatua, baina batzuk badatoz hona. Merezi du!
Monteixo aurrean, eta atzean, Besiberri mendilerroa.
MONTEIXO Igoera.
Lora politak ere badaude hainbeste harkaitz artean.

Berriz lepora jeisten. Medacorbaren horma. Hartu dugu erabakia, bata Forcats lakuetara jetsi eta besteak Roca Entravessada igotzeko ahalegina egingo du.

Beheko aldea erraza da eta lora erramu politak ikusteko aukera ere badago.

Lepoa behean. Hemendik gora, eskuak erabili behar dira denbora guztian. Ez da oso zaila, baina kontu handiz ibiltzekoa bai. Gainera bakarrik noa...
Horrelako bi orratz gainditu behar dira. Hau ezkerreko erdialdetik zeharkatu dut. Destrepe delikatua. Tarteka mugarri batzuk ikusten dira, eta horiei esker, nahiko ondo egin dut igoera.

ROCA ENTRAVESSADA (2927m). Andorrako bigarren tontor garaienean nago eta alboan daukat altuena, Comapedrosa. Hor jende dexente ikusten da. Ni hemen bakarrik nago.

Arinsal, 1440 metro beherago.

Medacorba eta Estanys Forcats lepoa aurrean eta Montcalm atzean.


Tontorra niretzat bakarrik. Monteixo eskuinean. Ikuspegietaz gozatu ondoren, beherako bidea hartzeko ordua da . Igoerako toki beretik egingo dut. Orain gutxienez badakit zer dagoen. Beraz, lasai,  eta helduguneak ondo aztertuz, beheruntz noa.

Forcats lakuak bretxa batetik ikusita.

Zati zailena atzean utzi dut. Bertikala, baina mugarriak ondo jarraituz, egin daiteke. Orokorrean, ertzaren eskuin aldetik ibili behar da toki egokienak aurkituz.

Hartu dut Forcats lakuetara jeisten den bidea. Lasaitasuna!

Roca Entravessada. Eskuinean ikusten dira gainditu behar diren orratzak. Izena nahiko aproposa dauka.

Elkartu gara biok, eta orain aldapa behera, igoerako bidetik.

Pla de l'Estany-ko zirkoa goitik ikusita.

Lurreko gauza politei kasu eginez.

Urjauzia, Comapedrosa eta Roca Entravessada.

Aterpeko iturria. Ederki eskertu dugu bertako ur freskoa.

Medacorba, Arinsal-etik. Zortzi bat orduko ibilaldi potentea izan da. Gogorra, baina gozatzekoa ere. Orain Arinsal herriaz gozatzea geratzen zaigu.

Kaleak. Hau beste Andorra bat da. Lasaitasuna, gutxienez udan.


Arinsal-eko eliza. Bihar arte!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina