MENUA

2016/05/22

Malloak: UAKORRI Albizti korridoretik, ALDAON, Baratzail, GAINTZA.


2016-05-21. Gaintzan gaude, Malloen azpian. Goiz etorri gara, bero handia  eta arratsalderako ekaitzak daudelako iragarrita. Begi bistan daukagu gaurko helburu nagusia, Albizti korridorea. Ansaren Malloak liburua ezagutu genuenetik genuen buruan hortik igotzea, eta hainbat ibilbide desberdin egin ondoren inguru hauetan, gaur da eguna. Lurra lehorra, belarra oraindik gehiegi hazi gabe, eta eguraldi ona goizean.

Balerdi.

Badakigu zerekin egingo dugun topo, ondo ikasita baitaukagu Juan Marik esaten duena liburuan. Gogorra izango dela begibistan dago. 600metroko garaiera aldea oinetik Uakorriren tontorreraino, atseden gutxirekin eta malda oso gogorrekin.

Mixtone bordara heldu eta bidegurutzean eskuinera hartuko dugu, Balerdiruntz. Gero beste aldetik jetsiko gara. Baina gaur ez goaz ez batera ez bestera.

Astunaldera doan bidezidorra utzi eta gure mendira hurbiltzen hasi gara, Beasaoko mazelatik. Hemendik etzanagoa dirudi korridoreak...

Egute elurtegira heldu baino lehen, eskuinera hartu dugu eta korridorean sartu gara. Berehala konturatu gara aurreko ikuspegia ez dela erreala. Malda oso tentea eta bastoiak ondo erabili behar dira aurrera egiteko.

Igoeraren lehenengo herena han goian bukatzen da. Lasai hartu behar da igoera.

Malloen lehendabiziko estaiaren mailara heldu gara.

Beoin, Aldaon, Irumugarrieta.

Poliki poliki baina erritmoa mantenduz, bagoaz goruntz, bigarren herenera heltzeko helburuarekin buruan. Hiru zatitan banatu dugu igoera gure planetan.

Putre Tokiko orratzetara heldu gara eta eskuinean Astunalde kanala eta Balerdi ditugu.

Gora begira. Oraindik 370 bat metroko garaiera aldea geratzen zaigu. Ezkerrean, pagaditxo dotorea dago.


Atseden toki dotorea Astunalde kanalaren gainean. Bero egiten du, baina zorionez haizekirri goxoa dabil eta ondo goaz.

Araiz haraneko basoen gainetik.

Hirugarren herena, azkena. Atseden txikia hartu pagoen kerizpean, eta gora.

Batzutan ertzetik goaz, harkaitzek laguntzen baitute igoeran. Gaintzako baserriak eta basoak behean geratzen dira.

Ari gara tontorren mailara heltzen. Gero hortik joango gara.

Elegantea.

Azkenengo zatian ertzeko harkaitzen ondotik egin dugu, errazagoa baita harkaitzak helduta igotzea.

Tontorraren azpian gaude, eta hau da geratzen zaiguna.


UAKORRI (1306m). Atsedena hartzeko ordua da. Gustora gaude egin dugun igoerarekin. Oso gogorra da, baina gozatu egin dugu. Eguraldia ederra dago goietatik ibiltzeko, eta Balerdira joan beharrean, Aldaonera joatea erabaki dugu, gero Baratzailetik behera jeisteko.
Uzkuiti eta Txindoki ditugu aurrean, eta Aitzkorri mendilerroa atzean.


Bagoaz beheruntz, Oako leporuntz. Gero, Beoin eta Aldaon igaroko ditugu, azken honen eta Irumugarrietaren artean zabaltzen den Baratzail lepora jetsi eta hortik, berriz Gaintzara itzultzeko.

Beoin, Oa lepotik. Hemendik ere jetsita gaude Egute elurtegira.

Beoinera igotzen.

Aldaonen azkenengo metroetan. Uakorri eta Balerdi atzean.
ALDAON. Baratzail lepoa ezkerreko zuloan eta Irumugarrieta. Atzerago, Beriain.

Baratzail lepoa eta bertatik Irumugarrietara doan bidea.

Lepotik behera jarraituko dugun bidezidorra, Aldaonen hormen azpian.

Oso ibilbide ederra da hau. Gaintzatik Malloetara igotzeko gehien erabiltzen dena.

Gure abiapuntua eta helmuga, Gaintza, eta beherago Uztegi.

Pagadira sartzera goaz.

Oso dotorea da bidea pagadian.



Itturrieta iturria. Ur hotz eta ugaria. Asko eskertzen da gaurko beroarekin.

Basotik behera, toki dotoreak ikusiz.

Malloak.

Errekabeltzeko urjauzia, Urdandeginea parajean.

Albizti korridorea. Orain beste era batean ikusten dugu. Zirkularra ixten ari gara. Sei bat orduko ibilaldi gogor eta ederra egin dugu. Gero eta gehiago gustatzen zaizkigu Aralarreko Malloak, eta goian aipatutako liburuan badaude oraindik ezagutzen ez ditugun bide berriak. Beraz, jarraituko dugu inguru hauetara etortzen.



Gaintzako baserritarrek ere baliatu dute goiza. Hemen ez dago jai egunik.

Uztegiko eliza.

2014/06/aralarko-malloak-gaintzatik-aldaon-beoin.htm
2012/05/malloak-errazkinetik.html
2012/06/berriz-malloetan-oraingoan-intzatik.html