MENUA

2016/09/26

GILDAR 2078 mt - CEBOLLEDA 2054 mt Panderruedas mendatetik (León)

2016-08-23 PANDERRUEDAS mendatean gaude. Cordiñanes-en egin dugu lo, eta Sajambrera Pontónetik edota Riaño aldera doan errepidea hartu dugu hona etortzeko. Atzoko "jipoiaren" ondoren, gaur ibilaldi lasaiagoa egitera goaz. Mendate bertatik ateratzen den pista bat hartzera goaz, argazkiaren beste aldean.
Pistatik basoan.

Atzoko parajeak, Moledizos, Bermeja, Torre del Collado Verde, Ciega, Pambuches, Arestas,...
Pista bukatzen denean, oso ondo markatuta dagoen bidezidor dotore batetik jarraitzen dugu basoan. Zati hau polita da.

Gaur ere ilargia keinuak egiten.


Ten eta Pileñes "qué grandes peñes", eta Maciédome eskuinean (hau da biharko helburua).

Jario. Horren atzean dago Vegabaño.

Basotik atera garenean,  ezkerrean Freñana harana eta eskuinean La Iglesia harana bereizten dituen mendilerroan gaude, eta ikuspegi ederrak ditugu alde guztietara.

Joyas de Freñana (hemen daude Cares ibaiaren iturburuak), eta Gildar ezkerrean eta Cebolleda jarraian.

Freñana harana behean uzten dugu. Goitik zeharkatuko dugu Gildar aldera. Horretarako, sasi artean abereak sortutako bidezidorrak jarraituko ditugu. Intuizioa behar da bide egokienak hartzeko.

Zeharkaldia bukatu ondoren, Cebolleda-ren azpian dagoen zirko txiki honetara igo dugu. Azkenengo zatian mugarriak daude.

Zirkotik berehala hartzen da bi tontorren artean dagoen lepoa. Behean daukagu zirkoa, eta atzean, mailaka, Panderruedas mendateko Peña la Rocha, Jario ondoren eta Beza-Canto Cabronero atzean.

Putzu batzuk irauten dute zirkoan, nahiz eta oso lehorra egon dena.

Cebolleda. Orain atzean utziko dugu, gero joango gara, ertz hori jarraituz.

Gildarrera igotzen. Oso erraza da, bidea dago tontorreraino. Atzean, Cebolleda.

Atzera begira, Freñana harana zeharkatzeko egin dugun ibilbidea.
Gutxi geratzen zaigu Gildar gailurrera heltzeko. Eskuinean, Torre del Hoyo de Liordes eta Torre Salinas, Pandetrave mendatearen gainean.

GILDAR (2078m). Pikosetako lehen mailako behatokia.



Bezperako inguru bertikala, Pambuches kanala eta arrakala eta Arestas Dorreak.

Eta baita bezperako bigarren zatia, Parda Dorrea, Hoyos Llorosos, Bufon kanala eta Bolo eta Pambuches-eko zelaia hormen azpian.


Gildarretik lepora jetsi eta Cebolleda-ra igotzen gaude ertza jarraituz.
Leiho kuriosoa ertzean. Beheko zirkoko putzuak ikusten dira.

Ertz hau nahiko laburra da, baina oso entretenigarria. Ez da zaila, baina pare bat pasartetan adi ibili behar da, dexente estutzen baita.


Atzean beti Pikosetako Palanca, Llambrion, Friero, Salinas,..., eta Gildarretik Pandetrave mendatera doan mendilerroa.

CEBOLLEDA (2054m). Ondoan, Gildar eta atzean, aurretik aipatutako Pikosetako mendiak.

Ondoren, ertza jarratu dugu, hurrengo lepora jetsi eta berriz igoerako zirkora jeisteko.

Berriz zirkoan gaude eta ondo ikusten da, erdian, bi tontorren arteko lepoa. Ezkerrean Gildarren gailurraurrea.

Joyas de Freñana-ra jeisten. Gildarren tontorra ezker ezkerrean dagoena da, nahiz eta hemendik aurrekoa dela dirudien.

Zeharkaldia bukatu ondoren, Freñana gaineko mendilerroan gaude. Ah ze lehorra dagoen dena!
Freñanako txabola.
Pagadian sartuta. Eskertzen da itzala.

Oso polita da basoko bidea.

Pagoen bizarrak.


Gaurko ibilaldia lasaia izan da. Lasai ibiliz bost ordu egin ditugu. Merezi duen ingurua da. Esan bezala, behatoki ederra da Pikos-etako bi mendikatetako mendien aurrean, eta baita Riaño, Redes eta beste inguru batzuetakoen aurrean ere. Panderruedas-etik Riaño aldera goaz, herri txiki batean zerbait jan eta ondoren Campo de Caso-ra (Redes) lo egitera. Bihar Maciédome-ra igotzeko asmoarekin.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina