2016/03/30

LAGUNA LAS VERDES eta PEÑA CHABUEZO(1947 m), Torre de Babia-tik.


2016-03-22 Goizeko 9rak dira eta La Ventana Portuan gaude. Gaurko plana Huertos del Diablo mendiak igotzekoa da, baina badirudi Deabruak gaur ez duela nahi bisitarik. Hau da daukagun egoera. Ez da ezer ikusten, eta ez dauka altxatzeko itxurarik. Hamar bat minutu egin ditugu bertan, eta hemen asko  ez dugula "pintatzen" erabaki dugu. Beste batean etorri beharko gara.

Torrebarrio-ra jetsi garenean, Ubiña-ren tontorra agertu da hodei artetik, baina momentu bat besterik ez da izan. Dena dela erabakia hartuta daukagu, Torre de Babia-ra joango gara, gutxienez Laguna de las Verdes ezagutzeko.


TORRE DE BABIA. Informazio panela.
Virgen de los Remedios ermita. Bere alboan aparkatu dugu, eta bertatik hasiko dugu ibilaldia. Goizeko 10:30k dira, eta badakigu berandu dela tontorren bat igotzeko, baina gutxienez lakura igo eta ingurua ezagutzea bada nahiko motibazio. Hemen dena da ezezaguna guretzat.
Herria atzean uzten. Lakura dihoan bidea oso ondo markatuta dago, PRa baita.

Etxe edo baserri ederrak daude herrian.
Herritik irten eta berehala ipini ditugu erraketak, elur asko eta biguna dagoelako. Aurreko egunetako arrasto dexente ditugu, baina ez dago galtzerik. Aurrean, hodei artean, La Cervata mendia ikusten dugu. Eguraldia oraindik nahiko beltza dago.



Erraketarik gabe dihoan bikote bat aurreratu dugu. Beste inor ez dugu ikusiko egun guztian.

Las Verdes artegia eta Chabuezo mendia. Oraindik ez genuen pentsatzen gero bertara igoko ginenik. Mendiak erabat estalita daude eta ez du ematen altxatuko duenik.

Artegitik gora daude malda handienak, baina erraketekin ondo goaz. Atzean ere hodei beltzak.

Montihuero-ren hormen azpian gaude. Gutxi geratzen zaigu aintzirara heltzeko. Aurrean, eskuinean, Las Coloradas mendia. Orratzaren azpian kokatzen da lakua.

Aintzirara hurbiltzen. Paraje ederra da hau.

LAS VERDES aintzira, Montihuero eta Las Coloradas-ek sortzen duten zirkoan.

Izoztuta dago ea dena, baina badu bere enkantoa.
Las Coloradas orratza urmaeleko uretan ispilatuta.

Elurtuta ez dauden zatiak. Berez, landaretzak sortutako kolore berdeak ematen dio izena aintzirari, baina gaur berdea ez, txuria da nagusi.


Hau da Montihuero-ra igotzeko dagoen kanaloia. Hogei bat minutu egin dugu zerbait jan eta edaten, eta badirudi orain bai eguraldia hobera dihoala. Igoera erakargarria da baina eguerdiko ordubata da eta berandu dela iruditzen zaigu Montihuero igotzeko. Gutxienez beste pare bat ordu luze beharko genituzke dagoen baldintzetan.

Beraz, beste egun baterako utzi Montihuero eta aurrean daukagun ingurua apur bat ezagutzera goaz. Peña los Años (bezperan beste aldetik ikusi genuena) eta Alto la Sierra mendiak ditugu parean eta Peña Chana de Babia eskuinean.

Aintzira atzean uzten.

Montihuero.

Azkenean, Peña Chana-ren eskuinean dagoen lepo batera igotzea pentsatu dugu, elur malda ederra ikusi dugulako. Atzean, Montihuero eta Las Coloradas.

Lepora heltzeko azkenengo malda gogorretan. Baina elurra ondo dago eta erraketak kendu gabe egin dugu igoera guztia.

Lepora heltzen. Atzean, Las Coloradas.

Lepoan. Esan behar da, orduan ez genekigula zein mendi genituen alboan, bakarrik Montihuero. Gainontzekoak "a posteriori" jakin izan ditugu. Gaurko ibilaldia ez genuen batere prestatuta eta dena izanda momentuan erabakitakoa.

Lepotik gora eskuinean ikusi dugun tontorrera. Behin honera helduta, tontorren bat igotzea pentsatu dugu.

PEÑA CHABUEZO (1947m). ( Hau ere gerora jakin dugu). Picos Blancos-Peña Chana de Somiedo atzean eta Puertos de Cuetalbo behean.


Peña Orniz. Honen beste aldean dago Lago del Valle (Somiedo). Hemen ere posibilitate asko eta dotoreak daudela ikusten ari gara. Gainera elurrarekin asko irabazten dute.

Montihuero- El Picón-Peña Redonda eta Las Coloradas. Hauen atzean geratzen da atzoko Peña Salgueiro.
Picos Blancos eta Peña Chana de Somiedo.


Tontorrean. Eguraldi askoz hobea daukagu eta ikuspegi ederretaz gozatzeko aukera ere bai.

Tontorretik Las Verdes aintzira.

Hau da gure gaurko menditxoa. Atzean Morronegro.

Lepotik behera jeisten. Peña Chana-ren hormen azpian.

Lepoa goian. Elurrezko malda ederrak.

Eta berriz Las Verdes-era hurbiltzen.

Begiak Montihuero-ra dihoaz behin eta berriz. Baina gaur ez da eguna, dexente inprobisatu dugu eta hor egongo da beste baterako.

Honegatik da Las Verdes.

Aintziraren ertzean sortzen den kanal dotorea.


Bagoaz toki eder honetatik.

Orain beste begi batzurekin ikusten dugu Peña Chabuezo. Gaur egin dugun guztia sorpresa bat izan da, baina gustora goaz beheruntz igoerako toki beretik.

Peña Chabuezo Las Verdes artegitik. Azkenean, arratsaldeko 5ak jota heldu gara Torre de Babia-ra. Ez dugu egin gaurko prestatuta genuena, baina mendiko beste egun dotore bat izan da. Badago zer egin eta ezagutu Babian eta Somiedon. Beste bat arte.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina