MENUA

2015/02/28

ANETO. 2009 Abuztuan.

Estós-etik jetsi gara. Gaur bertan Arlaud-Gourgs Blancs-Camboué gailurreri guztia egin dugu. Nekatuta gaude, baina behera jeisterakoan, Renclusara deitu eta gure sorpresarako, tokia dagoela esan digute. Semeak oraindik ez dauka eginda Aneto, beraz aukera egokia sortu zaigu. Horrela ba, aparkalekuan kotxea utzi, berriz motxilak prestatu eta autobusa hartu dugu Besurta-ra joateko.

Gainean daramagun paliza ez da oztopo aterpera igotzeko. Arrasaldeko 7retan heldu gara, eta afaria zain daukagu.

Aspaldian egon gabe nago aterpean, eta izugarrizko sorpresa hartu dugu. Hau hotela da, seirentzako gelak, komun, dutxa eta guzti,  jatetxeetako bezalako jangela,... Egia esan, badira 25 bat urte hemen egon gabe, eta gainera Aste Santuetan, elurrarekin,..., beste historia bat zen hura.

Ilunabarra Salvaguardian.

Oso goiz altxatu gara, eta Portillon inguruan egunsenti ederra bizitzeko aukera izan dugu.


Forcanada eta beste mendi asko agertzen zaizkigu.

Portillonetik, hodeiz estalita ikusten ditugu Aneto eta Malditoak. Glaziarraren egoera penagarria da. Lehenbiziko aldia da horrela ikusten dudala, beti elurrarekin egon izan gara eta.


Forcanada dotorea.

Malditoen azpian. Ez daukagu inor aurretik, eta bide egokia aurkitu behar dugu glaziarrean.

Coronas lepoan.

Oraindik bakarrik gabiltza hemen goian. Coronas-Maldito mendilerroa eta Coronas aldea ikusten ditugu. Gure tontorra orain garbi dago, baina inguruan itxura susmagarriko hodei beltzak ari dira pilatzen.

Mahoma igarobide famatuan.

ANETO. Luxu bat abuztuaren 14an bakarrik egotea tontorrean. Anetoren Bizkarrera joateko asmoa ere bagenuen, baina hodeiak ikusita, beherantzko bidea hartu dugu.

Daviu eta Escudier orratzak eta Coronas-eko lakuak.

Coronas- Maldito- Maladeta.

Jeisterakoan, Oliveras-Arenas tontorrera igo dugu. Hemendik hasi gara jendea ikusten Coronas lepotik goruntz datozela.

Glaziarrean berriz, Coronas inguruan. Atzean ikusten da gora dihoan jendea.

Glaziarra erabat pitzatuta eta errekatxoak azpitik.

Atzera begira. Orain bai prozesioa igoeran. Lasaiago ibili gara gu...


Glaziarretik irten gara.

Portilloneko igarobidea. Orain igotzea tokatzen da.

Azken agurra Aneto eta Malditoei. Laster trumoi burrunba entzungo dugu.


Gorgutes-Pic de Sacroux- Mall Pintrat ingurua parean.

Aterpera heldu garenean hasi dira euri tantak. Bertan garagardo bat hartu, eta gehiegi busti gabe heldu gara Besurtara. Goiz ibiltzearen abantailak. Ez neukan gogo handirik udan Anetora joateko, baina azkenean, zorte handia izan dugu eta esperientzia polita izan da.

Ponga: Ten eta Pileñes "Ah ze Haitz parea!" 2009ko Uztailean.

Tiatordos-en egon ondoren, Tarna portua igaro eta Larios-era goaz lo egitera (Uztailak 20). Mampodre mendilerroan ekaitza sortzen ari da. Biharko ere eguraldi arraro xamarra dago iragarrita, baina Ten eta Pileñes egiteko asmoa daukagu.

Uztailaren 21a da. Goiz jeiki gara, ea goizean gutxienez eguraldia lagun dugun, eta La Uña herritik abiatu gara. Tarna inguruko mendiak ikusten ditugu.

Mampodre: Pico de la Cruz eta El Convento.

Baldosin haranera goaz, pistatik, baina zirkulazio handia dago aurkako norantzkoan, eta noski, pasabidea utzi behar diegu.

Baldosin haran ederra. Meandroak.

Orain La Castellana-tik goruntz goaz, Ten mendiaren azpitik. Atzean geratzen dira Mampodreak.

Pileñes eta Ten mendien artean dagoen Arriondas lepora heldu gara. Aurrean, Cardal eta Arcenorio haranak eta Europako Gailurrak ( Peña Santa erregiña dutelarik)

Ten-era joateko igo behar dugun malda dotorea. Luzea egiten da. 400 metroko garaiera aldea dago.

Abere ugari Cardal haranean.

Pileñes mendia Ten-en magaletik. Gero joango gara horra, Arriondas lepora itzuli eta ertz guztia jarraituz.

Maciédome. Ponga eta Redes-eko beste mendi ezagun bat.

Tontorra begibistan daukagu. Hemen malda dexente leuntzen da.

Mampodre mendikatea, Maraña herriaren gainean.

Riaño-ko urtegia eta bertako mendiak, Yordas, Peñas Pintas, e.a.

Tiatordos. Aurreko bi egunetan egon gara bere zirrikituak ezagutzen. Mendi oso ederra.

Azkenengo metroak ertzetik egin ditugu. Izugarrizko ikuspegiak ditugu. Picos de Europako Cornión mendikatea daukagu hemen.

PEÑA TEN (2141m). "Ten para les cabres...

PEÑA PILEÑES (2012m). "...y Pileñes para les oveyes, buen par de peñes".

Orain Pileñes-en gaude eta horrela ikusten dugu Ten erraldoia. Arriondas lepoa behean, eta igoeera guztia. Oso malkartsua da, baina ez dauka zailtasunik. Azkenian eguraldia portatzen ari da, eta nahiz eta gero eta hodei gehiago izan, oraindik ez digu euririk egin.

Pileñes-etik oso ondo ikusten ditugu Ponga-ko baso ederrak eta Cornión mendikatea.

Arcenorio-ko belardi berdeak.


Jeisterakoan, lurrera begiratzeko denbora ere badaukagu. Badaude gauza politak...

Zaldiak eta Peña Ten.


Abere ugari Baldosin haranean.

Lora asko eta ura ere bai.

La Uña-ra heltzen dagoen informazio-panela. Hemen ere badaude eskabideak.

Eta Leon eta Asturias-en igarotako egun eder hauek ondo borobiltzeko, etxerako itzuleran San Vicente de la Barqueran geratu gara bainu erlaxatzailea hartzeko iluntzean.

Ekaitza atzean ekarri dugu denbora guztian, baina eguna ondo bukatzen utzi digu.