2015/03/10

HAUZA 1305 m. Zirkularra Erratzutik.

Hautza Baztan haraneko gailur nabarmenena izango da seguruen. Baztan eta Baigorri ibaien arroak, eta baita izen bereko haranak bereizten ditu, eta bere tamaina handiko irudia toki askotatik ikusten da. Bide arruntena eta errazena Izpegitik dihoana da, baina bere bi isurialdeen hondotik 1000 metroko garaiera-aldea dago. Gu aspaldi geunden egonda, Izpegitik, eta gaur Erratzutik igotzeko asmoa daukagu, ibilbide zirkularra osatuz. 

Garaiera-aldea: Erratzu 305m-Hauza 1305m. Beraz, 1000 metro.
Denbora: 6h 30 min. Lasai ibiliaz.
Distantzia: 23 km gutxi gorabehera.
Gailurrak: Maxilko Harria 992 m; Elkaitza 1066 m; Erregarri 1136 m; Hauza 1305 m ; Harrigorri 1113 m

Erratzu. Kotxea eliza inguruan utzi dugu eta Gorostapolora dihoan bidea hartzeko prest gaude.


Eliz ataria.

Gorostapoloruntz. Igoera, Iñarbegitik egingo dugu, hau da eskuinetik, eta jetsiera berriz, ezkerretik, Elorrieta lepotik behera.

Erratzu atzean geratzen da. Eguraldi bikaina daukagu.

Gorostapoloko sarreran Nª Sra La Dolorosa ermita.

Xorroxin, Iñarbil eta Iñarbegira doan galtzada dotoretik jeisten.

Gorostapoloko baserriak eta ermita goian geratzen dira. Erreka zulora goaz.


Nahiz eta bidean ez egon, Xorroxin urjauzia ikustera joan gara. Azkenengo eurien ondorioz, ur askorekin dator eta merezi du hamar minutuko joan-etorriak. Nahiz eta toki oso ezaguna izan oraindik ez dabil inor inguruan.

Urjauzia bisitatu ondoren Iñarbegira dihoan galtzada ederra hartu dugu. Bide oso lasaia eta dotorea da. Esan behar dugu, aurretik ikusi ditugun baliza guztiak alderantziz jarrita ikusi ditugula... Nahita edo ez, ez dakigu.

Galtzadan ibiltzea gozamena da. Guretzat hau da igoerako zati ederrena. Galtzadatik Iñarbegira doan errepide estura ateratzen da, eta bertatik km bat inguru egin behar da.

Sorginetxoa trikuharria. Iñarbegi auzoaren kokatuta dagoen haranaren sarreran dago. Hemen errepidea utzi, eta gainean daukagun Maxilko Harria tontorreruntz igotzen hasi behar da.

Iñarbegi paraje zoragarria eta Saioa eta Artesiagako mendiak gainean.

Aldapa gogorra da, basotik hasieran eta txaraditik ondoren. 300 metro baino gehiago igotzen dira denbora gutxian eta gogorra egiten da. Hemen bidea ondo markatuta dago "kairn"ekin.

Saioa.

Mazako etxolan. Hemen bukatzen da aldapa gogorra. Orain dena gainetik joango gara Autzara. Atzean, Saioa eta inguruak.

Begibistan daukagu Autza. Bere oinera heldu arte bide oso erosoa daukagu. Gero, azkenengo malda "pikua" igo beharko dugu.

Erregarriren azpiko bidean.

Harkaitzezko "penitente" artean.

Gailurra begi bistan daukagu. Izpegitik igotako mendizaleak daude bertan.


Kontrasteak, alde batean elurra, bestean "penitenteak".


Estelak gailurrean. Atzean, Pirinioak.


Harrigorri lepora jeisten. Autzaren ekialdeko maldak.

Harrigorrin. Aldude eta Kintoa aldeko ikuspegi dotorea dago bertatik.


Harrigorriren hormak eta Antzola, Elorta lepora jeisten.

Nekaitz eta Olate Elorta edo Elorrieta lepotik. Hemen, Izpegira dihoan bidea utzi eta ezkerrera hartuko dugu, Olate eta Autzaren arteko sakanetik jeisteko.

Pistatik. Gure aurrean, Gorramendi.

Eskuinean Izpegi portua, Kuarteleko Kaskoa eta Lauordena eta Iparlara jarraitzen duen mendilerroaren azpian.

Elorta lepoa, Olhateko Ttutturru tontor malkartsuaren eta Hauzaren erdian.

Alkurruntz daukagu aurrean orain.

Erratzura jeisten, eguraldiaz eta paisaiaz gozatzen. Gorramendi.

Baztaneko irudi tipikoak, ardiak, txabolak, belardiak, basoak,...

Arginen Borda eta Hauza bere gainean.

Indako Borda. Nekazal turismoa.

Herritik km batetara irten gara Izpegiko errepidera kuartel zahar baten etxola handien ondoan, eta errepidea jarraituz Erratzura itzuli gara.

Ez ginen asko gogoratzen mendi honetaz, eta asko gustatu zaigu egin dugun ibilbide zirkular hau. Akaso, azkenengo zatiko asfaltua saihestea hobe izango litzateke. Bestela, batez ere igoera, Iñarbegi, eta goiko zati guztia oso dotoreak iruditu zaizkigu.

2 iruzkin: