2013/09/22

Txile Hiru asteetan; Pucon-Valparaiso-Santiago 2. Partea

Pucón 28tik-30ra
Bost orduko bidaia egin ondoren, Pucón-era heldu gara.
Pucón, Villarrica lakuaren ertzean dagoen herri turistikoa da. Baina neguan oso lasaia da eta toki asko itxita daude.
Heldu eta hostalera etorri gara. Eta ezin gara kexatu aurkitu dugun tokiarekin. Hemen gaude hostaleko lorategian Villarrica sumendiaren babesean.

Txilen, hostal eta aterpetxe askok bezeroentzako sukaldeak dituzte. Bertan, denetarik dago eta oso erosoa da erosketak egin eta bazkariak edo afariak prestatzea.

Hau da "Donde Germán" hostala, eta jende oso jator eta atsegina da.


Herriko kaleetan honelako informazio panel ugari daude. Sumendia bertan dago eta.

Arratsaldea lasai eman dugu. Herria ezagutu, laku ertzeko hondartzan ibili,...





Eta ilunabarraren zain egon.







Eta ikusi duguna oraindik ondo asimilatu gabe, hostalera joan gara afaltzera eta atsedena hartzera.

29an goizean goiz, bus bat hartu eta HUERQUEHUE Parke Nazionalera etorri gara egun pasa.  Inguru hau maputxeen lurraldea da. Parkean, laku eta urjauzi ugari daude, eta landaretza izugarria, batez ere, araukariak.

Tinquilco lakuan.

Aurreko lakua igaro ondoren, aldapa handia hasten da, baina bidea oso ondo dago zainduta, eta toki askotan egurrezko eskillarak daude.


Tinquilco lakua oso behean utzi dugu. Atzean, Villarrica sumendia daukagu.

Milla metroko garaiera aldea igo ondoren, goiko lakuetara heldu gara. Lehenengoak Chico du izena. Erdi izoztuta dago, eta hemendik aurrera elurra eta izotza zapaltzen ibiliko gara.


Hau Laguna El Toro da. Tokia izugarria da. Dena izoztuta, araukariaz inguratuta eta bakar bakarrik gaude. Egun guztian, beste 5-6 pertsona bakarrik ikusiko ditugu jeisterakoan.



Izotzaren irudiak lakuan.



Lago Verde-n. Gorago oraindik beste laku bat dago, baina orain bidea itxita dago elurrarekin.



Jeisterakoan, Chico lakuan berriz. Dagoen bakardadea eta edertasuna ezin dira deskribatu. Gainera, orain arte bezala izugarrizko eguraldiarekin.

Horra jetsi behar dugu, baina oraindik toki dotoreak ezagutuko ditugu.

"Nido de Aguila" urjauzia. Busti gara apur bat daukan indarrarekin.


Tinquilco lakuan lasaitasuna, datuak eta bizipenak idatzi egunerokoan,...


Hostaleko egongelan ere lasai egoten da.

30erako euria dago iragarrita. Gauerako Valparaisora joateko bus-tiketak hartu ditugu. Baima gauerarte zer egin? ... Ba bus bat hartu orduerdira dagoen Caburugua-ra joateko. Polita dela esan digute... Ikusiko dugu.

OJOS DEL CABURGUA. Polita...? Ez, hori baino gehiago! Ez genuen espero horrelakorik eta hunkituta gaude ikusten dugunarekin. Euriak ez du batere molestatzen. 




Caburgua ibaiak sortzen dituen urjauzi eta putzuak.


Gero Caburgua herrira etorri gara. Izen bereko lakuaren ertzean dago, eta hau da hemengo giroa. Udan beste gauza bat izamgo da. Guretzat, enkanto handia du.


Eta beste egun bikain bat igaro ondoren, iluntzeko 8etan prest gaude 12 orduko bidaia egiteko Valparaisora. Gau guztia pasako dugu busean, baina oso erosoak dira eta oso ondo funtzionatzen dute.


Valparaíso 07-31tik;08-03ra
Goizeko 7:30etan heldu gara, aterpetxera joan, bertan gosaldu eta 9:30tarako prest gaude hiria ezagutzeko.

Euskaldun arrastoak toki askotan aurkitzen dira.

Lehenengo momentutik hasi zaigu gustatzen hiria. Etxe koloretsuak, nahaspila baina kontrolatua, itsasotik muinoen gailurretaraino kaleak eta etxebizitxak,...

Etxeak zintzilikatuta daude muinoetan.

Alemania etorbide luzea igaro ondoren La Sebastianara heldu gara. Hau Pablo Nerudaren etxea da eta oso ezaguna da Valpon. Orain museoa da.


La Sebastiana-tik hiriaren erdigunera jeisteko Ferrari kalea hartu dugu. Bertan, Federico Garcia Lorca eta beste idazle batzuen esaldiekin osatutako azuleju dotoreak daude.




Kale batzuk benetako museoak dira. Hormak, eskailerak, ..., edozein toki da ona izengabeko artistentzat. Oso bohemioa da.


Erdigunetik oso gertu, Baron kaian, horrelako ikuskariak daude.


Hiri gehienetan bezala, Azokak dira toki onenak bazkaltzeko. Hau, El Cardonal azoka da, eta izugarrizko giroa sortzen da. Janaria, arraina batez ere, oso goxoa.



Azokako irudiak.



Artilleria muinotik kaiko mugimendua ikusten da. Kontenedore eta kamioi ugari dabiltza batera eta bestera, eta Txileko Armada ere hor dago, babesa eskeintzen edo.


Muinoetara igotzeko funikularrak daude. Hauek XIX. mendearen bukaeran hasi ziren funtzionatzen. Egurrezko kutxak dira, oso dotore apainduta. Tipikoak dira.



Kaian ere mugimendu handia dago, arrantzaleak, turistei itsasertzetik itzulia emateko itsasontziak,...


Concepcion muinora igotzeko funikularra.



Ilunabarreko kolore politak muino horretatik.


Abuztuaren 1ean metroan Limache-ra eta busa Granizo-ra hartu ondoren ( pare bat orduko bidaia guztira), LA CAMPANA Parke Nazionalera etorri gara.



Parke honen ezaugarriak, gehienetan behelainoa sartzeaz gain, dauden landaretza ekosistema desberdinak dira. Santiagoko aritzak eta txileko palmak dira ezagunenak. Orain, neguan, ibilaldi guztiak ezin dira egin. Guk Ocoa lepora datorrena jarraitu dugu, Granizotik igo eta Cajón Grandera jetsi, bost bat ordu.


Cinzano 100 urte!! Hau da Valpoko taberna-jatetxe zaharrena, eta ireki zutenean bezala mantentzen da. Hemen afaldu dugu, tangoak zuzenean entzuten.

Salvador Allende eta iraultzaileen liburutegi-museoa.



Baron kaitik, itsasertzetik, CALETA PORTALESera etorri gara. Hau Viña del Mar-erako bidean dago eta bertan arrantzaleek arraina deskargatu eta saltzen dute. Abuztuaren 2a da.




Hondartza ondoan daude salmenta postuak, eta era guztietako arrain eta itsaskiak erosi daitezke. 





Baina horretaz aparte, espektakulu bikaina daukagu gure ondoan. Gainera, bazkaltzeko ordua daukate, eta sortzen duten eskandalua handia da. Hori bai, denek batera ezin dute jan, hemen ere klaseak daude.





Baina espektakulua zirraragarria da.



Gero metroa hartu eta Viña del Mar hirira etorri gara, apur bat ezagutu eta bazkaltzera. Turistikoa da eta unibertsitateko ikasle asko daude, giro polita sortuz. Arratsaldean, berriz metroan Valpora itzuli gara.


Reina Victoria funikularra hartu eta Concepción muinora igo gara, bertako giro bohemioa bizitzera.





Berriz behera jetsi, kaiaren ondoan dagoen Sotomayor enparantzara. Hemen, Armadaren egoitza(urdina) eta Reina Victoria hotela(gorria) daude.


Beste funikular bat hartu dugu, El Peral. Hau Alegre muinora igotzen da. Azkenean, alde zaharreko funikular guztiak ezagutu ditugu.




Gure aterpetxearen ondoan. Alde Zaharrean dago kokatuta eta jende gaztea dabil batez ere. Gu ere, gaztetuta ibili gara bertan.

%20ak bakarrik balio dute. Baina hau da kaleetan dagoen kable multzoa.

Ez gara gu oso hiri zaleak eta hasieran ez genuen asmo handirik Valparaisora etortzeko. Puconen topo egindako beste bidaiari batzuk gomendatuta etorri gara eta ez gara batere damutzen. Hiri eta inguru oso interesgarriak dira eta oso gustora egon gara bertan. Pena bakarra, gaur gauean Quilapayun taldeak "Cantata de Santa Maria de Iquique" jo behar duela zuzenean hemen eta ezin garela geratu. Bukaera ederra izango litzateke!




Santiago inpasa 03tik-04ra

Abuztuaren 3an goizerdian busa hartu dugu eta Valparaisotik Santiagora etorri gara. Boliviarrek desfilea dute antolatuta beraien Independentzia Eguna ospatzeko, eta hor ibili gara desfilea jarraitzen.



Desfilearen bukaera Armen Enparantzan da, katedralaren ondoan. Hemen Oruro-ko taldea eta banda potentea agertzen dira. Ordu erdi jarraian jotzeko arazorik ez daukate. Espektakularra benetan.

Calamarantz!!. Atacama zain.

Santiago hegazkinetik. Nahiko ordenatuta ikusten da goitik.


Eguraldi ederra daukagu eta Andeak oso ondo ikusten ditugu. Behe aldean denak elurtuta, eta Calamara hurbiltzen, sumendiak, gatzagak eta basamortua.

Llullaillaico mendia.

Atacamako Gatzaga, goitik ikusita. Calamara heltzen gaude.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina