MENUA

Joan Menu behera:

2012/07/26

PEÑA RUEDA 2152 mt, PICOS DEL FONTAN 2414 mt Ubiña mendikatean, Asturias.

Quiròs-eko aterpean gaude, El Llano auzoan eta eskalada eskolaren ondoan. Bertan pasako dugu gaua, hemendik km gutxi bait daude Lindes herrira. Biok bakarrik gaude aterpean, bertako zaindari bikotearekin. Egonaldi polita izango da.
1. EGUNA Peña Rueda (2152m)
Lindes-eko eliza.

Hemendik gora hasiko gara. Behelainoa dago, baina goiak garbi daudela dirudi eta horrek lasaitasuna ematen digu.

Igotzeko, Manin artegitik joango gara, eta gailurrera heldu ondoren, Agüeria-ko portuetara jetsi eta Foz Grande-tik itzuli herrira.
Hau da igoeraren mapa (Losdelasclaras taldearena da)

Hasieran bidea basotik doa eta malda handia dauka, baina erosoa da eta ez dago galtzerik.

Manín-eko txaboletan. Behelainoak behean utzi ditugu eta eguraldi ederra daukagu. Eskerrak, hurrengo zatia ez bait dago batere markatuta, eta ondo hartu behar da igoerako arana.

Vallina Grande igotzen. Behean zalantzaren bat izan ondoren, ondo hartu dugu eta bukaeran bidezidorra nabaritzen da.


Aranetan behelaino trinkoak daude, baina hemen eguraldi paregabea. Tontorra ezkerrean geratzen da eta guk ikusten den gaillurreri osoa jarraituko dugu, Cuchillares de Rueda.
Tapinón-Siegalavá, Ubiña-ko beste tontor ezagunak.

Gailurrerira heldu eta lasai zegoen sarrio taldea ikaratu dugu. La Ventana portuko eta Somiedo inguruko mendiak agertzen zaizkigu.

Lora ugari daude harri artean eta gozada da gailurreria jarraitzea.

Peña Rueda-ren tontorrean (2152m)
Losdelasclaras-en beste mapa honetan, berdez agertzen da jeisteko egingo dugun ibilbidea.

Agüería-ko portu zoragarriak. Horra jetsi behar dugu.
Toki izugarria, Fontán gailurren azpian. Bihar joango gara horietara.

Eskuinean, Ranchón eta Huertos del Diablo gailurrak ditugu, orma handiekin. Hauen atzean geratzen da Ventana portua, Asturiasetik León-eko Babiara pasoa.
Agüería-ko txabolak eta landaretza. Erditik pasako gara errekara heltzeko.

Txabolak eta Peña Rueda. Orain eskuinetik zeharkatuko dugu "mole" guztia.
Heldu gara errekara. Hemen abereen bideak daude, eta batzutan alde batetik eta beste batzutan beste aldetik ibiliko gara. Apur bat deserosoa da.

Peña Rueda
Foz Grande-ren sarreran gaude. Hemendik behera bide erosoagoa dago. Ezkerrean, Peña Rueda-ren ormak ditugu.

Erreka zapaburuz beteta dago.
Foz-eko bide polita. Gero Manín-era irtengo gara, eta igoerako bidetik berriz herrira.

Lindes-etik La Cobertoria igo eta Pola de Lena-tik Riospaso herrira etorri gara, bertan lo egitera. Hemendik Tuiza 6 km-ra dago.
Riospaso-ko eliza. Bertan bakarrik dago mugikorraren estaleremua.

Afari goxuaren adibidea.
2. EGUNA Ipar eta Hegoaldeko Picos del Fontan 2.414 mt
Gaurko plana, Tuiza-ik irten, Meicín-eko zelaietara igo eta handik Fontán Gailurrak igotzea da. Azkenengo neurketen arabera, Ubiña-ko tontor garaienak dira, baina hori ez da garrantzitsuena guretzat. Ubiñak, duela urte batzuk ezagutu genituen, eta Fontanek daukaten itxura malkartsua asko erakartzen gaitu. Gaurko eguraldi iragarpena ez da oso ona, eta eguerdirako euria datorrela diote.
Horregatik, goizeko 8etarako Tuizan gaude irteteko prest.



Tuiza-tik irten ondoren, 45 bat minututan igotzen da Meicín ibarrera bide oso onarekin. Parean ditugu ezkerretik eskuinera : Ubiña Grande, Cueto de las Cabras, Puerta del Arco, Castillines eta ekialdeko Portillina.
Meicín-era heltzen ari gara. Toki paregabea.

Meicín-eko aterpe berria, Peña Cerreos, Terreros kollaua eta Ubiña Handia. Kollau horretatik igotzen da Ubiña-ra. Oso interesantea hori ere.


Castillines eta El Siete-ra doan bidea utzi eta eskuinera hartu behar dugu. Iturri honetatik pasa behar da, Hau da bide onaren seinalea.

Hauek Tuiza-ren beste aldean geratzen dira, La Cubilla portuaren ondoan.

Erdiko lepo hori gainditu behar dugu. Aldapa handia dago, baina bidezidor ona doa sigi-saga bertaraino.
Aterpea behean geratzen da. Oraindik eguraldia ona dago, nahiz eta laino beltzak sartzen ari diren hego-mendebaldetik.

Heldu gara Portillín-en kollaura. Beste aldean, Peña Rueda daukagu parean.

Portillín-era heltzeko azkenengo metroak. Atzean, Peña Cerreos eta Mesa mendikatea.

Erdian geratzen da Portillín-en kollaua eta Canalón Oscuro eta Fariñentu tontorrak. Gu Portillín gailurreriaren azpitik goaz eta Joyos de Cueva Palacios eskuinean lagatzen. Pare bat elurgune era pasatu ditugu.

Aurrean daukagu Canalón del Buey famatua. Hau da Fontanetara igotzeko giltza. Gailurrak eskuinean daude.

Benetan gogorra da kanaloia, baina piano-piano igotzen da. Bakar bakarrik gaude, eta hodeiz inguratuta baina sentipen onarekin.

Hego Fontán-era igo dugu lehenik eta orain Iparrekora goaz behelaino artean. Goiko partea erraza da eta ondo markatuta dago mugarri txikiekin. Elur eta izotzarekin beste ipuin bat izango da hau.
Fontán gailurrean (2414m)

Gezurra badirudien ere, dena harria den tokian honelako lora politak daude.
Kanaloira jeisten destrepe txiki batzuk egin behar dira. Ezkerretara, Torrebarrio aldera doazen korredoreak daude eta adi ibili behar da.

"Idiaren kanaloia" jeisten. Gailurrak atzean ggeratzen dira.

Era askotako lora eta landare daude eta toki harrigarrietan sortzen dira batzuk.


Portillín-eko kollautik beheruntz, aterpea eta Tuiza herria begibistan ditugula. Azkenean, zortea izan dugu eguraldiarekin.

Aterpe ondoan. Aurrean, Siegalavá airosoa eta Castiello ditugu. Aterpean egonaldi luzea egingo dugu bertako zaindariarekin hitzegiten. Gaztea eta jatorra gizona.
Mecín-eko ibarra aberez beteta.

Tuiza-ko eliza eta kale nagusia. Ibilbide ederrak egin ditugu eta pozik gaude. Aukera asko daude Ubiña mendikatean eta itzultzeko asmoarekin gaude. Orain, Picos de Europa aldera goaz, ea zer egiten dugun.